2014-01-13

2013an SPRIk 10 milioi eurotik gorako inbertsioa bultzatu du informazio teknologien arloan

 

- 796 enpresak eta 78 enpresa elkartek beren lehiakortasuna hobetu dute +digital@ programak subentzionatutako tresna digitalak aplikatuz.
- Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak 3,3 milioi euro esleitu dizkio ekimen horri.
- Interneten eta sare sozialetan elkarreragitea da +digital@ programako lau proiektutatik hiruk duten helburua.
   
2013an SPRIk 10 milioi eurotik gorako inbertsioa sortu du informazio teknologien sektorean, 796 enpresak eta 78 enpresa elkartek beren lehiakortasuna hobetzeko jaso dituzten 3 miliotik gorako laguntzei esker. Dirulaguntza horiek eman zaizkie beren lehiakortasuna hobetu dezaten tresna digitalak aplikatuta, esaterako, negozio (e-Business), merkataritza edo marketin elektronikoak. +digitala@ programak indarrean jarraituko du 2014an antzeko aurrekontuarekin.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren ekimen horren helburua da ETE eta mikroETEen barne prozesuen digitalizazioa sustatzea. Iazko balantzearen arabera, dirulaguntzak jaso dituzten lau enpresatik hiruk merkataritza eta marketin digitaleko proiektuak gauzatu dituzte, bezeroarekin eta hornitzailearekin elkarreragiteko sare sozialen eta Interneten bidez.

Positibotzat jo daiteke euskal enpresek arlo honetan egin dituzten eskakizunen bilakaera. Hala, lehen eskatzen ziren laguntzak enpresetan webak eta intranetak ezartzeko izaten ziren, eta orain eskatzen direnak aldiz Internetek eskaintzen dituen baliabideak optimizatzeko. Beraz, argi dago euskal ETEek jauzi kualitatibo bat eman dutela eta hobeto ezagutzen dutela Sarearen ingurunea eta Sareko merkatu irekia.

+digital@ programako datuen arabera, negozio elektroniko bezala definitzen diren ekimenak aurkeztutako guztien herena dira ia, merkataritza elektronikoari buruzkoak laurdena, eta marketin elektronikoaren sustapenean oinarritzen direnak %20 baino gehitxoago. Aldiz, web orrien eta intraneten sorkuntza proiektuen %10aren eta %7aren helburua dira, hurrenez hurren.

+digital@ programak bi laguntza sorta ematen ditu: batetik, zuzeneko laguntza ematen die enpresei +Hobeki digital@ ekimenaren bitartez eta, bestetik, +Lankidetza digitala proiektuaren bidez laguntzak ematen ditu IKTak enpresa sarean integratzeko lankidetza proiektuak babestuz.

2013an, +Hobeki digital@ programak 2,3 milioiko aurrekontua izan du, eta aurrekontu horren bidez 796 enpresatako 831 proiektu lagundu dira eta 7,3 milioi euroko inbertsioa eragin da. Bestalde, Lankidetza +digital@ proiektuaren bidez 78 enpresa elkartek 0,97 milioi euro jaso dituzte eta guztira 2,6 milioi euroko inbertsioa egin da sektorean.

+digital@ programa Eusko Jaurlaritzaren Agenda Digitala 2015 estrategia globalaren barruan sartzen da. Helburutzat dauka IKTak lehiakortasun tresna bezala sartu eta erabiltzen laguntzea ETEetan eta enpresa eta profesionalen elkarteetan. Programa honen barruan, besteak beste, negozio prozesu hauek lagunduko dira: negozio elektronikoa (e-Business), hau da, kudeaketako eta bezeroentzako sistema integratuak (ERP eta CRM) eta finantza kudeaketako eta diruzaintzako sistemak eta garapenak ezartzea, errazagoa izan dadin enpresan faktura elektronikoa sartzea, onlineko marketina, erosketa elektronikoa, merkataritza elektronikoa, merkatu birtualak, zaintza teknologikorako tresnak, eta abar.