2014-02-14

AHALDUN NAGUSIAK ENKARTERRIN ENPLEGUAREKIN DUEN KONPROMISOA BERRETSI DU, FABIO MURGAKO LEHEN HARRIA JARTZERAKOAN


Enpresak planta berri bat izango du Arla poligonoan, Balmasedako erdigunean duenaren ordez, entitateak berak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta aipatutako hiribilduko udalak sinatutako hitzarmena dela bide.
Erakundeen arteko akordioan jaso denez, 2024. urtera arte 70 lanposturi eta industria jarduerari eutsi beharko zaie.

Entzun hemen José Luis Bilbaoren hitzak: http://www.bizkaia.net/home2/Archivos/DPTO1/N

Bizkaiko Foru Aldundiak Enkarterri eskualdean enpleguarekin eta jarduera ekonomikoari eustearekin duen konpromisoa berretsi du José Luis Bilbao Ahaldun Nagusiak Fabio Murgako planta berriaren lehen harria jartzeko ekitaldian. Enpresa une honetan Balmasedako erdigunean dago kokatuta, eta Arla poligonora lekualdatuko da, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Balmasedako Udalarekin 2012ko uztailaren 29an sinatutako hitzarmena dela bide.
Fabio Murga lekualdatzeko lortutako hitzarmenaren hiru alderdi nabarmendu ditu José Luis Bilbaok: lekualdaketak Balmasedari eskainiko dizkion aukerak hiri hazkundeari dagokionez; erakundeen arteko lankidetza eta lankidetza publiko-pribatua; eta Enkarterri eskualdean enpleguarekin eta jarduera ekonomikoarekin dakarren konpromisoa. "2012. urtean sinatu genuen hitzarmen markoak 2024. urtera arte 70 lanpostu zuzenei eustea dakar; 70 enplegu zuzen horiei sektoreko punta-puntako enpresa honen jardunak eragindakoak gehitu behar zaizkie. Hitzarmen hau, gure lankidetza, Enkarterri eskualdearekin dugun konpromisoaren froga argiena da" adierazi du Ahaldun Nagusiak; jarraian, konpromiso horren beste adibide batzuk ere aipatu ditu, esaterako joan den astean Bizkaiko zonalde horretan Eskualdea Berraktibatzeko Plana martxan jarri izana. Plan horrekin ehunka langabetu laneratzea bultzatu nahi da. Fabio Murgako planta berria 2016an martxan egotea espero da, eta bertako lehen harria jartzeko ekitaldian Balmasedako alkate Álvaro Parro eta Fabio Murgako gerente Luis Resusta ere izan dira, Ahaldun Nagusiarekin batera.

 Hitzarmena

Fabio Murga lekualdatzeko akordioak zenbait betebehar ezarri dizkio alde sinatzaile bakoitzari. Dokumentuan jaso denez, planta berria kokatzeko lursailak enpresaren esku jartzeko konpromisoa hartu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak, eta, gainera, milioi erdi euroko parte hartzeko mailegu baten bitartez proiektuan parte hartzeko konpromisoa ere hartu zuen, Seed Capital Bizkaia tarteko. Eusko Jaurlaritzak, bestalde, eraikin berriak eraikitzeko ardura izango du, Fabio Murgari alokatzeko, eta Balmasedako Udalari planta eraikitzea eta bertan lanean hastea ahalbidetzeko izapide guztiak erraztea egokituko zaio. Azkenik, hitzarmenak ezarri duenez, enpresak 2024. urtera arte industria jardunari eusteko betebeharra izango du, eta, horrez gain, aldi berean 70 lanpostu aktibo ere mantendu beharko ditu.