2014-01-03

7.326 langabe gutxiago daude, eta azken hamar urteetako abendurik onenarekin itxi du 2013a Euskadik

2013ko abenduan, 7.326 langabe gutxiago zeuden Lanbideko erregistroetan, hots, aurreko hilean baino % 4,19 gutxiago. Hortaz, azken hamar urteetako abendurik onena izan da. Gainera, langabezia-beherakadarik handiena izan duen autonomia-erkidegoa izan da Euskadi (estatuko maila baino 1,95 puntu gorago). 

Euskal Enplegu Zerbitzuaren erregistroen arabera, 167.374 lagun zeuden enplegu-eske EAEn aurreko hilaren amaieran (% 15,9). 

Gizarte Segurantzaren afiliazioak ere bide positiboari heldu zion, eta azaroan baino 1.019 afiliatu gehiago egon ziren. Hiru lurraldean sortu zen enplegua: Araban, 323 afiliatu berri egon ziren (% 0,23 gehiago), Bizkaian, 547 gehiago (% 0,12 gehiago) eta Gipuzkoan 148 gehiago (% 0,05 gehiago). Kontratazio gehiago egin ziren, halaber; hain zuzen ere, azaroan baino % 2,2 gehiago, bai eta 2012ko abenduan baino % 10,7 gehiago ere.

Langabezia-murrizketak gizonei eta emakumeei eragin zien positiboki, baina gehiago emakumeei: % 5,31 azken horiei eta % 3,02 gizonei, zehazki. Gazteen artean nabaritu zen gehien langabezia-murrizketa. Hori horrela, 25 urtetik beherakoen artean % 25,87 murriztu zen; 25 eta 44 urte artekoen artean % 3,17 eta 44 urtetik gorakoen artean, berriz, % 1,33.

Jarduera-sektorearen arabera, aldiz, langabezia-beherakada zerbitzuen sektorean zentratu zen batik bat, % 5,03ko beherakadarekin, eta "Aurreko enplegurik gabeko pertsonen" atalean, % 10,98ko beherakadarekin. Nekazaritzan eta industrian langabezia-beherakada txikia izan zen, eta eraikuntzan langabeziak pixka bat egin zuen gora (% 0,89). 

Jarduera hauetan gutxitu zen gehien langabezia: Txikizkako merkataritza (1.071 pertsona gutxiago),  eraikuntzetarako zerbitzuak eta lorezaintza-jarduerak (591 gutxiago), janari- eta edari-zerbitzuak (519 gutxiago) eta egoitza-establezimenduetako laguntza (514 gutxiago). Kontran, jarduera hauetan handitu zen gehien langabezia: Eraikinen eraikuntza (105 pertsona gehiago), motordun ibilgailuen eraikuntza (83 gehiago), eraikuntza espezializatuko jarduerak (69 gehiago) eta metalezko produktuen eraikuntza (52 gehiago).

Gipuzkoan jaitsi da gehien langabezia (% 5,28). Ondoren, Bizkaian (% 3,92) eta azkenik Araban (% 3,24). Halaber, EAEko eskualde guztietan egin du behera langabeziak, eta bereziki esanguratsua da hiru hiriburuetan izandako beherakada: Donostian, -% 5,35; Bilbon, -% 3,76; eta Gasteizen, -% 2,89).

Eskualde hauetan izan da langabezia-beherakada erlatiborik handiena: Urola Garaia (% 9,12), Lea-Artibai (% 6,94), Donostia mendebaldea (% 5,92) eta Aiaraldea (% 5,91).

Albistearen iturria: Euskadi.net