2014-01-03

Eusko Jaurlaritzak eta SPRI Agentziak 9,5 milioi euroko Programa sustatu dute industria-makineria modernizatzeko

· 63 milioi euroko inbertsioa eragingo du ekimenak
 
· Euskal enpresen produktibitatea, segurtasuna eta lehiakortasuna hobetzea da helburua
· SPRI Agentziaren administrazio-kontseiluak urtarrilaren 24an onartuko du Programa, baina 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak
 
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua den Arantza Tapiak eta SPRI Agentziaren zuzendari nagusia den Alex Arriolak 2014ko Industria Makinen Renove Programa aurkeztu berri dute, prentsaurreko bidez.
Eusko Jaurlaritzak sustatutako eta SPRI Agentziak kudeatutako Programa honek 9,5 milioi euroko zuzkidura izango du Euskadiko enpresa txiki eta ertainek (ETE) makina berriak erosi eta horien modernizazioan, segurtasunean eta produktibitatean laguntzeko helburuarekin, horrela, Euskadiko enpresa-ehunaren lehiakortasuna hobetuko baita.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2014ko Aurrekontu Orokorra onartu ostean, Arantza Tapiak eta Alex Arriolak programa honetara xedatuko diren baliabideen erabilgarritasuna konfirmatu dute; programa urtarrilaren 24an onartuko du SPRIko administrazio-kontseiluak, baina 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera jarriko da abian.
“Enpresek bizi dituzten zailtasunak kontuan hartuta”, adierazi du Tapiak, “programa honen bitartez horien aktiboaren zati bat berritzen eta makinak prest jartzen lagundu nahi dugu ikuspuntu guztietatik, produktibitatea eta pertsonen segurtasuna hobetzeko helburuarekin batik bat.”
“Gure lehiakortasunaren aldeko apustua egiten jarraitu behar dugu, eta are gehiago industria-jardueraren nolabaiteko joera-aldaketa hautematen den momentu honetan, inoiz baino prestatuago egon behar baitugu ekoizpen eta eskaera berriei aurre egiteko”.
Bideratutako baliabideek −9,5 milioi euro− oso inbertsio garrantzitsuak apalankatu ditzakete, baita 63 milioi eurokoak ere, eta beraz, enpresek ere kontuan hartzeko moduko ahalegina egin behar dute.
Bere aldetik, Alex Arriola SPRI Agentziako zuzendari nagusiak honako hau adierazi du: “programa hau interes handia pizten ari da euskal enpresen artean, eta ekimen hau konfirmatzeko zain dauden hainbat jarduera daude dagoeneko; industria-makineriaren merkatua dinamizatzeko ere balioko du ekimenak”.
“Ezarritako baldintzak xehetasun handiz landu ditugu, enpresa-ehuneko sektore handi bati erantzuteko helburuarekin; horrenbestez, oso programa parte-hartzailea eta aktiboa izatea nahi dugu, 2014ko urtarrilaren 1etik azaroaren 14ra (muga-eguna) gauzatuko diren eragiketak barne hartuko dituena”.
Euskadiko ETEei xedatutako programa

Beren makinak berritzeko premia duten eta horiek berritu eta modernizatu nahi dituzten ETEak dira programa honen hartzaile nagusiak. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa Txiki eta Ertainek (ETE) eskuratu ahal izango dituzte Programa honetan jasotzen diren laguntzak, hau da, 250 langile baino gutxiago eta 50 milioi eurotik beherako urteko negozio-bolumena duten enpresek, edo 43 milioi eurotik beherako urteko balantze orokorra duten enpresek.

Produktibitatea eta segurtasuna areagotzeko makineria berria
Renove Programa honen helburu nagusia euskal enpresen lehiakortasunean laguntzea da, eta horretarako, industria-enpresen produkzio-ekipamenduak modernizatuko dira eta horiek lan arloko segurtasun- eta osasun-arauetara egokituko dira, makina berriak erosiz, enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko.
Osalanek, programaren entitate laguntzaileak, lan esparruko segurtasun- eta osasun-agiriak eta dagokion dokumentazio teknikoa aztertuko ditu, eta horrez gain, makinak ikuskatuko ditu. Gero, txosten bat igorriko dio SPRI Agentziari, eta bertan, ikuskapena egiaztatzeaz gain, haren segurtasun-baldintzak betetzen diren ala ez adieraziko da.
70.000 euro arteko diru-laguntza makina bakoitzeko
Makineria berriak 30.000 euro balio beharko ditu gutxienez (BEZ kanpo). Erosketa-kontzeptuan egiaztatutako gastuaren % 15eko diru-laguntza emango da; gehienez ere 70.000 euro emango dira erositako makina bakoitzeko, eta 100.000 euro enpresa bakoitzeko (diru-laguntza makina bati baino gehiagori eman behar zaion kasuan).
Diru-laguntza jaso ahal izango duen makineriaren tipologia
Honako jarduera hauetara xedaturik egongo da diru-laguntza jaso ahal izango duen makineria: produktuen eta materialen ontziratzera eta enbalatzera; lehengaien eta produktu erdilanduen eraldatzera; eta manipulazio automatikora, enpresaren ustiaketa ekonomikoaren produkzio-prozesuetan.
Programa urtarrilaren 24an onartuko da, baina urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak 

Abenduaren 20an EAEko Aurrekontu Orokorra onartu eta baliabideak eskuragarri jarri ostean, SPRI Agentziaren administrazio-kontseiluak programa hau arautuko duen araudia onartuko du urtarrilaren 24an; edonola ere, hura urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko da, hilabete honetan zehar hitzartzen ari diren eragiketak lehenbailehen itxi daitezen eta industria-makineriaren merkatua berraktibatu dadin.


Albistearen iturria: