2014-01-03

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak metroaren 3. linea 2016an abiarazi ahalko dela aurreikusi dute

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten abenduak 27an Bilbon, Etxebarriko San Antonio/Matiko 3. metroko linea 2016an abiarazteko beharrezko finantzazioa bermatzeko. Protokolozko ekitaldia laster Zurbaranbarriko geltokia izango denean egin da, eta Bizkaiko ahaldun nagusi José Luis Bilbao, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregi eta Ogasuneko sailburu Ricardo Gatzagaetxebarria izan dira bertan, baita Bilboko alkate Iñaki Azkuna, Etxebarriko alkate Loren Oliva, Itziar Garamendi foru-diputatua eta Garraioko sailburuorde Antonio Aiz ere.
2013-2016 aldirako akordio berri honen arabera, Bilboko metroaren 3. linea eraikitzeko amaierako kostua 279 milioi eurokoa izango da, eta erdibana ordainduko dute Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak -ETS-RFV erakundearen bitartez- eta Bizkaiko Foru Aldundiak.
Bi erakundeek ordainduko dituzten urteko kuotak zehazten ditu hitzarmenak:

Finantziaketa
2013
2014
2015
2016
Eusko Jaurlaritza
15.400.000
21.000.000
22.000.000
19.002.189
Bizkaiko Foru Aldundia
15.400.000
21.000.000
23.000.000
24.390.693
 
Zerbitzua
Hirugarren lineak tren-loturak eskainiko ditu 7,5 minutuan behin Etxebarri eta Matiko artean, eta 70.000 pertsonari baino gehiagori emango die zerbitzua; hala, trenbide metropolitarraren geltoki bat izango dute horiek etxetik 10 minutura baino gutxiagora.
Hirugarren linearen trazatuak 5.885 metro ditu, eta zazpi geltoki: Etxebarriko San Antonio, Otxarkoaga, Txurdinaga, Zurbaranbarri, Casco Viejo (alde zaharreko geltokia), Uribarri eta Matiko; guztiak ere Norman Fosterrek Bilboko metroko 1. eta 2. lineetarako diseinaturikoen tipologia berekoak.
Hala, Otxarkoagatik Bilboko erdialdera joan nahi duen pertsona batek bost minutu baino ez ditu behar izango. Txurdinagatik, lau minututik behera iraungo du bidaiak.
Zurbaranbarriko geltokiari esker -sarbideak ditu auzoaren goiko eta beheko aldean- bi minutu baino gehixeago baino ez da beharko alde zaharreko geltokira iristeko.
Uribarriko geltoki berriak bost sarbide izango ditu, ahalik eta pertsona gehienei zerbitzua emateko. Matikoko geltokia (Tivoli kalean), berriz, lurperatu egingo da, eta atari berri bat zein igogailua duten nasak eta sarbideak egingo dira bertan. Artasamina aldean ere estali egingo da trenbidea; ondorioz, trenbide-lubakia kenduko da, eta auzo horretan bizi diren pertsonentzat beste gune publiko bat sortuko da. Matiko eta Alde Zaharreko geltokien arteko bidaia-denbora 3,30 minutukoa da, gutxi gorabehera.
Trenbide-eragiketa horren zentro neuralgiko bat Alde Zaharreko geltoki berria izango da; 2014an esleitzea aurreikusita dago, eta geltoki intermodal gisa funtzionatuko du, metroko 1. eta 2. lineekin lotzea ahalbidetuta, baita tranbiarekin eta Euskotreneko Txorierriko linearekin ere.
Alde zaharreko geltokia eraikitzeak oraingoa eraistea ekarriko du. Proiektatutako geltoki berriak oraingoaren eskema funtzional bera izango du.
Hirugarren lineak, batik bat, Bilbo iparraldeko auzoei emango die zerbitzua baina, horretaz gain, Bermeo, Durango edo Eibarretik datozen pertsonak hiriburuko erdialdera iristea ere ahalbidetuko du, bai eta Txorierrik, jada eraikitzen ari diren Artxandako tunel berriaren bidez, metro-sarearen gainerakoarekin beste trenbide-lotura bat edukitzea ere.
Era horretan, nabarmen hobera egingo du Txorierri, Durangaldea eta Urdaibai eskualdeetako zerbitzuaren funtzionalitateak Bilbo Metropolitarrari dagokionez, zerbitzu publikoaren eskaintza modu erakargarri eta eraginkorrago batez integratuko baitu.
Hitzarmen berriaren sinadura-ekitaldiaren ostean, ahaldun nagusi José Luis Bilbaok zera ziurtatu du: «Azpiegitura berri horren atzean giza ahalegin eta ahalegin tekniko eta ekonomiko izugarria dago, eta argi eta garbi erakusten du Bizkaiak konpromiso sendoa duela Bilboren eta Etxebarriren orainarekin eta etorkizunarekin, metroa igarotzen den udalerri guztiekin izan duena bezalakoxea». José Luis Bilbaok azpimarratu duenez, «gaurko ekitaldia erakundeen konpromisoari eta herritarrekiko eta udalerriekiko konpromisoari esker egin ahal izan dugu».
Ana Oregik sailburuak adierazi duenez, «Durangalde, Urdaibai eta Txorierriko garraio publikoaren eskaintza optimizatzea ahalbidetzen du trenbide-irtenbide horrek, Bilbo Metropolitarrarekiko trenbide-komunikazioak hobetuta; Txorierri EuskoTrenen sarearekin lotzea, eta, azkenik, komunikazioak bultzatzea eta hobetzea, bai Bilbo Handiarekin, bai aurretik aipatutako eskualdeen artean. Hau da, Durango edo Otxarkoagatik Zamudioraino trenez aldatu gabe bidaiatzeko aukera izango da».

Lanak
Oro har, BTMko 3. lineako lanak normaltasunez garatu dira, etorkizunean Txurdinagako geltokia egongo den tartean izan ezik, haren hondeaketa aldatu behar izan baitzen lantaldeek eremu karstiko bat topatu zutelako. Geltokian bertan eta hara iristeko tuneleko tarteetan eragiten du eremu horrek. Hartutako irtenbide teknikoa onartu ondoren, hondeaketari berrekin diote aurtengo udan. Gainerako zatiak, tunelak zein leizeak, amaiturik daude jada, baita haien estaldurak ere.
Ana Oregik bereziki azpimarratu du «Eusko Jaurlaritzak garraio-azpiegitura izugarri honen diseinuarekin eta gauzatzearekin» duen konpromisoa, eta honakoa erantsi du: «Lineak onura zuzena ekarriko die Bilbo iparraldeko auzoetako 82.000 emakumeri eta gizoni baino gehiagori, eta bermeotarrei, durangarrei eta eibartarrei hiriburura iristeko aukera eskainiko die, Txorierri, eraikuntza-prozesuan den Artxandako tunel berriaren bitartez, metroaren gainerako sarearekin lotuko duen trenbide-lotura berri bati esker».
Sailburuaren ustez «egun Bilboko metroak urtean eskaintzen dituen 90 milioi bidaiak biderkatu egingo dira laster zerbitzuan ikusiko dugun linea berriari esker. Era horretan, hobera egingo du Txorierri, Durangaldea eta Urdaibai eskualdeetako zerbitzuaren funtzionalitateak Bilbo Metropolitarrari dagokionez, zerbitzu publikoaren eskaintza modu erakargarri eta eraginkorrago batez integratuko baitu».

Kalitatea
Ana Oregik gogorarazi duenez, «3. lineari esker hobetu egingo da, halaber, gure auzoetako eta udalerrietako bizi-kalitatea eta ingurua, autoak denbora luzeagoz egongo baitira geldirik Txurdinagatik erdialdera minutu gutxian iristeko aukera dugunean. Metroa garraiobide jasangarri nagusietako bat da».
Euskadiko garraioaren arloko arduradun nagusien hitzetan «"Hiriko trenbide"aren -erabilitako azpiegitura, maiztasunak, estazioen arteko distantzia, eta abar- definizio klasiko baten arabera, metroa duten 180 hiri daude eta, guztira, 7.000 kilometro inguru linea. Sarerik handienak New Yorkekoa, Shangaikoa, Beijingoa eta Kantongoa dira, eta azken horiek etengabe jarraitzen dute hazten. Pixkanaka, Bilbo zerrenda horretan sartzeko bidean da».
«Bilbok eta bere inguruneak, eta haiekin Bizkaia osoak, garapenerako aukera gehiago izango dituzte». Laurogeiko hamarkadatik, ezinbestekoa izan da jarraitu beharreko noranzkoa goizero aurreikustea eta argi eta garbi zehaztea, hartara, Euskadin biztanle gehien dituen lurraldeko giza garapenean eta garapen ekonomikoan ematen ari garen urratsak hari egokitzeko», aipatu du Oregik.
Amaitzeko, honakoa erantsi du sailburuak: «Zorionez, hemengoa kontzertazio eta erakundeek ondo planifikaturiko lanaren adibide garbia da». Udalek, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak konpromiso sendoa dugu gure pertsonekin eta herritarrekin, eta mota guztietako ezbeharrak gainditzen ari gara, Bizkaia eta, harekin batera, Euskadi osoa punta-puntako lurralde bilakatzen eta harentzat etorkizun oparoa eraikitzen».


Albistearen iturria:  Euskadi.net


Logo