2014-01-15

Aldundiak salatu du oposizioaren zerga kontra-erreformaren ondorioz, 26 milioi euro gutxiago jasoko direla zerbitzu publikoak mantentzeko

 
Gainera, 20.000 eurotik behera irabazten dutenak kaltetuko ditu, eta gehien dutenek jasoko dute onura
Larraitz Ugarte Aldundiko bozeramailea eta Helena Franco Ogasun diputatua prentsaurrekoan azaldu ziren atzo, urtarrilak 14, EAJk, PSE-EEk eta PPk bultzatuko duten kontra-erreformaren inguruko datuak eta irakurketa eskaintzeko. Azaldu dutenez, 26 milioi gutxiago jasoko ditu Aldundiak sektore publikoarentzat, eta gainera, gutxien dutenak kaltetuko ditu. Aldatuko diren hiru zergen inguruko datuak era grafikoan azaldu zituzten, eta hauek dira esanguratsuenak.

1.   Oinordetza eta Dohaintzen zergari buruz:
  • Zuzeneko ahaideen arteko salbuetsitako murrizpenaren kopurua igotzea 220.000tik 400.000ra
  • Eragina zerga bilketan, aurtengo datuekin alderatuta: 1.121.452 euro gutxiago.
2.    Sozietate Zergari buruz:
  • Diru gutxiago bilduko da zerga honen bidez; eta gainera enpresa handien zerga-ordainketa oso maila apaletan mantentzen duten elementuak (hala nola, mugarik gabeko kenkariak I+Gren kasuan, oinarria gutxitzen duten erreserba bereziei lotutako pizgarri handiak, edota mailegu partizipatiboei loturiko hobariak…) ezabatu ez ezik are indar gehiago hartuko lukete. Erregimen berezi batzuen ezaugarriak ere orokortu egiten dira enpresa guztientzat.
  • Beraz, zerga honek pisua galtzen jarraituko du Zerga Bilketa totalarekiko  (gogoratu bere bilketa ahalmena oso urrun dagoela Europako batez bestekotik; hurbildu beharrean urrundu). Hau Gobernu honek egin duen zerga proposamenaren norabide erabat kontrakoan doa (29 milioi gehiago jasoko lirateke).
3.    Pertsona Fisikoen Errenta Zergari buruz:
  • Aldaketa erregresiboa da alderatzen badugu indarrean dagoen araudiarekin. Alegia, zerga bilketan inpaktu txikia izanagatik (nahiz eta negatiboa izan) bere banaketa ez da homogeneoa. Gutxien dutenek gehiago ordaindu beharko dute.
  • Zerga Bilketak behera egingo du, hiru arlotan, baina betiere ahalmen ekonomiko handiagoa duten kolektiboei eraginez:
    1. Kapital errenten tratamendua eskuzabalagoagatik -10 milioi.
    2. Mezenasgoko jardueren kenkaria handitzeagatik: -2 milioi.
    3. Eta jarduera ekonomikoen galeren konpentsazioa ahalbidetzeagatik: - 2 milioi.
  • Zerga Bilketaren jaitsiera hori konpentsatzeko, beste gehikuntza batzuk planteatzen dira:
    1. Kenkari orokorreko aldaketak: + 9 milioi  (nagusiki 20.000 eurotik beherako errentei eragiten die).
    2. Ohiko etxebizitza erosteagatik kenkaria murrizteagatik: + 2 milioi (30 eta 35 urte arteko gazteak kenkaritik kanpo).
    3. Etxeko alokairuaren kenkaria murriztea: + 1 milioi (30 eta 35 urte arteko gazteak zigortuak hemen ere).
    4. Sindikatuei ordaintzen zaien kuotaren kenkaria murriztea: + 1 milioi (soldatapeko langileei eragiten die).
Helena Francok azaldu duenez, “datu hauek guztiak ikusita, oso argi dago Kontraerreforma bat dela: atzera egiten da ekitatean (kapital errenten alderako); progresibitatean (gutxiago daukatenen gain handitzen da presio fiskala); eta gainera, diru bilketa ahalmen txikiagoa (horrek esan nahi du baliabide gutxiago sektore publikoak gizartean eta ekonomian eragiteko)”.
Helena Francok Aldundi honek hasiera hasieratik landutako ildoak azaldu ditu:
  • Gizarte kohesionatu eta ekonomia moderno batek sektore publiko sendo bat behar du (Europako herrialdeek krisiaren aurrean ere zein bilakaera izan duten ikusi besterik ez dago).
  • Horretarako zerga-sistema ekitatibo, progresiboago, justuagoa bat behar da. Eta horretan guk urratsak eman ditugu, pixkanaka sistema fiskala aldatuz.
Helena Francoren ustez, “EAJ/PSE/PP itun fiskala, ordea, kontrako apustua da: zerga bilketa ahultzea eta gainera gehien daukatenei exijentzia maila jaistea”. Azaldu zuenez, hemen bi eredu daude, eta honela azaldu ditu:
  • Iraganekoa, porrotarena, krisiarekin bere ahulezi guztiak agerian utzi dituena (zerga-bilketa goitik behera erori denean, gehiegizko zorpetzera eraman gaitu, murrizketak gastu sozialean, ekonomia suspertzeko pizgarririk ezin aplikatu...)
  • Etorkizunekoa, ekonomia eta gizartea sendotzeko oinarriak jarri nahi dituena, herritar guztientzat zerbitzuak hobetu ahal izateko eta merkatuek ekonomian eragiten dituzten gorabeherei hobeto erantzun ahalko diena. Azken hau da gure eredua eta jarraituko dugu gure ekarpenak egiten noranzko horretan, eutsi egingo diogu zerga sistema ekitatiboago, birbanatzaileago eta justuagoa lortzeko bidean abiatu dugun ildo sendo eta koherenteari.