http://www.eitb.com/eu/albisteak/ekonomia
Adegik egindako azken proposamenari buruz (negoziazioak enpresaburuen
eta langileen artean egitea), Aburtok esan du Adegirena ez dela
Jaurlaritzaren eredua.
Juan Maria Aburto Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako
sailburuak esan du iragan astean Adegi patronalak aurkeztutako
proposamena ez datorrela Urkulluren Gobernuaren ereduarekin bat,
negoziazio-kolektiboaren eskema apurtu egiten duelako.
Horren harian, Adegiri egindako proposamena aldatzeko eskatu dio
Aburtok. “Aurkeztu bezain laster denek kritikatu egiten duten ereduaren
aurrean, hausnarketa bat egin behar dutela uste dut”.
“Ez da nire eredua”, esan du Aburtok Radio Euskadiri eskainitako
elkarrizketan. Gipuzkoako patronalak, enpresaburuek langileekin "zuzenean"
negoziatzea proposatu zuen iragan astean, negoziazio kolektiboaren
"osagarri" gisa, lan-harremanen "blokeoa" gainditzen saiatzeko.
Sailburuak esan du Adegiren proposamenaren “filosofiarekin” bat
datorrela, hau da, “lan-harremanen eredu berri bat beharrezkoa dela”,
baina patronalaren eta sindikatuen funtzioak ezin direla baztertu
azpimarratu du.
Bestalde, sailburuak esan du 2014. urtea aurrekoa baino "hobea" izango dela, nahiz eta aurten oraindik 4.000 bat lanpostu suntsituko diren.
Aburtok berretsi du 2014. urtean aurrekoan baino lanpostu gutxiago
galduko direla. Hala ere, aurten 4.000 bat enplegu suntsituko dira,
sailburuaren hitzetan.
"Aurten lanpostu gutxiago suntsitzea aurreikusten dugu, eta langabezia tasa hobetzea espero dugu, urtearen amaieran enplegua sortzen hasteko", nabarmendu du.