Bruselak Espainiari ezarri nahi dion isunaren inguruko iritzia urtarrilaren 23an jakinaraziko du Europako Abokatutzak.
Euskal opor fiskalak direla eta, Europak Espainiari jarritako isunaz iritzia emango du Europako Batasuneko Justizia Auzitegiko Abokatutzak urtarrilaren 23an.
Auzitegi horretan jasotako txostenaren arabera, Elanor Sharpston
abokatuari dagokio gaiari buruzko irizpena ematea. Ondorio horiek, dena
dela, ez dira lotesleak. Auzitegiaren behin betiko ebazpenaren aurretik
eman ohi du iritzia Abokatutzat.
2013ko irailaren 10eko bistaren ondotik etorriko da
Sharpstonen erabakia. Saio hartan, isuna ekiditeko azken saiakera egin
zuen Espainiak. EAEko hiru aldundiek 90eko hamarkadan enpresei
laguntzeko abian jarritako neurri sorta bat dira opor fiskalak. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak legez kanpokotzat jo
zituen. Joan den iraileko bistan, Europak bereari eutsi zion eta bi
isun jartzearen alde agertu zen: bata, 64 milioi euro ingurukoa, eta
bestea, interesei dagokiena, 278.000 eurokoa.
Bruselaren iritzian, "jarrera aldaraziko dion" neurriren bat ezarri behar zaio Espainiari, EBk opor fiskalak
legez kanpokotzat jo zituela 12 urte igaro direlako eta, oraindik,
berreskuratu gabe kasu asko daudelako, esan zuen Carlos Urraca EBko
ordezkariak, iraileko saioan. Hala, Bruselak Espainiari ezarri nahi dion
disuasio neurria ondokoa da: 2006ko abenduaren 14tik hasita, egun
bakoitzeko 25.817,4 euroko diru-ordaina. Egun horretan kaleratu zuen Europako Auzitegiak opor fiskalen kontrako lehen ebazpena.
Opor fiskalak zirela eta emandako diru-laguntzen zati handi bat
dagoeneko berreskuratu dela onartu du EBk, baina, oraindik, interesei
dagokien 278.000 euro inguru jasotzeke daudela azpimarratu du.
Albistearen iturria:
Albistearen iturria: