Martin Garitanok azaldu du langileek proposatutako plana "bideragarria" dela.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak esan duenez, Gipuzkoako Aldundiak Fagorreko langileek osatutako plana bi milioi euroko diru-laguntzarekin bultzatuko du. Plan horren helburua Fagor Etxetresnaken Confort dibisioko bi lantegi salbatzea da, Basauriko Edesa eta Bergarako Geyser, hain zuzen.
Garitanok azaldu duenez, plana Bergarako eta Basauriko lantegietako
langileek sortu dute, eta "haiek dira", ahaldun nagusiaren aburuz,
"enpresaren martxa hobekien ezagutzen zutenak".
Proiektuak Fagor Etxetresnaken Batzorde Sozialaren eta bi
administratzaile konkurtsalen babesa jaso du, eta Mondragon
Korporazioaren erantzunaren zain daude langileak. Aurrera aterako
balitz, 260 lanpostu zuzen eta 85 zeharkako salbatuko lirateke, Garitanoren ustez. Gipuzkoako ahaldun nagusiak auziaren alde guztiekin bilera egingo du
datozen egunetan, planaren finantziazioa eta bermeak analizatzeko.
Proiektuak Gipuzkoako Aldundiari zehazten dizkion bi milioi euro
horiek jartzeko prest daudela esan du Garitanok. Kopuru horri Bizkaiko
Aldundiak jarri beharreko hiru milioi eta Eusko Jaurlaritzak jarriko lituzkeen bost milioi
gehitu behar zaizkio. Garitanok azaldu duenez, langileek abenduaren
hasieran zirriborro bat aurkeztu zuten, eta aste honetan aurkeztu duten "behin-betiko plana bideragarria" dela adierazi du. "Gaur bertan gainontzeko instituzioekin eta Kutxabankekin kontaktuan
jarriko gara, Bergaran eta Basaurin lanpostuak mantentzeko oso
garrantzitsua izan daitekeen ekimen bat bultzatu ahal izateko",
azpimarratu du ahaldun nagusiak.