Txema Gisasolak dimisioa aurkeztu du gaur –urtarrilak 17– Kontseilu
Orokorrean, "arrazoi pertsonalengatik", korporazioak prentsa-ohar bidez
jakinarazi berri duenez. Mondragon Korporazioak hausnarketa epe bat
ireki du bere etorkizuna diseinatzeko. Mondragonen etorkizuneko
ereduaren oinarrizko ezaugarriak zehaztuko dituzte orain eta Kontseilu
Orokorreko lehendakari berria Mondragonentzako esparru proiektu berria
definitzen amaitu eta gero izendatuko dute. Albiste barruan, oharra
osorik.
Mondragon Korporazioaren prentsa-oharra, osorik:
"MONDRAGON Korporazioari atxikitako kooperatibek azterketa eta
hausnarketa etapa bati ekingo diote, datozen urteetako jardueraren
esparru orokorra diseinatzeko. Lehen pauso gisa, Korporazioko hainbat
kooperatiba eta arlotako arduradunek osatutako talde bat arduratuko da
abiapuntuko egoeraren balorazioa egiteaz, eta datozen urteetan jarduteko
ildo nagusiak identifikatu eta jarraitu beharreko bide orria marraztuko
du.
Etapa hau Txema Gisasolak, arrazoi pertsonalengatik, Kontseilu
Orokorrean dimisioa eman eta gero hasten da; hain zuzen ere, bere
despedidan erreibindikatu egin ditu "elkartasun, esfortzu,
lehiakortasun, berrikuntza teknologiko eta gizartearekiko konpromisoko"
printzipioak, MONDRAGONen elkartutako kooperatiben funtsaren eta beraien
etorkizuneko zutabeen oinarri gisa.
Kontseilu Orokorreko lehendakari berria MONDRAGONentzako esparru proiektu berria definitzen amaitu eta gero izendatuko da.
Batzorde Kudeatzailea
Une honetatik aurrera, gaur egungo lehendakariaren dimisioak
eragindako egoera Batzorde Kudeatzaile baten sorrerarekin bideratuko da,
Kontseilu Orokorraren baitan, Korporazioaren zerbitzuen funtzionamendu
operatiboa bermatzeko eta elkartutako kooperatiba guztietako bazkide
guztiek etorkizunean MONDRAGON nola izango den erabakitzeko oinarriak
jartzeko. Jarduteko esparru horren ildoak datozen urteetan Taldea
gidatuko duen lehendakari berriak aurkeztuko dizkio 2014ko Kongresuari.
Gaur egungo krisi ekonomikoaren eszenatokian, MONDRAGON
Korporazioaren iritziz beharrezkoa da "azterketa, hausnarketa eta
eztabaida kolektiboko" etapa honi ekitea, krisi ekonomiko globalak
dakarren erronkari garantiekin aurre egiteko.
Korporazioak berretsi egiten du Eredu Kooperatiboan duen erabateko
konfiantza, aberastasuna sortzeko motor gisa, eta bera parte deneko
ingurunearen etorkizunaren aldeko konpromisoaren alde egiten du irmoki".